Ikaskideekin harremanak sortu eta lantzeko dohain handirik ez duten haurrentzat, kirola irtenbide ona izan liteke, aukera emango bailieke era askotako pertsonekin harremanak edukitzeko, testuinguru informal eta atsegin batean. Taldean kirola eginez, elkarren artean harremanak sortzen dituzte haurrek, eta elkarrekin aritzera bultzatzen ditu, helburu jakin baten aldeko elkarlanean. Besteekiko harremanak eta komunikazioa hesi moduan sentitzen dituzten haur eta gazte asko eroso senti daitezke testuinguru horretan, eta beren izaera barnerakoi edo lotsatia gainditzeko modua aurki lezakete.
Halako egoerei aurre egiteko, taldeko kiroletan jardutea izatea da egokiena. Zenbait alderdi aintzat hartu beharra dago, hala ere:
• Ezinbestekoa da taldean giro ona izatea, eta kideek elkar laguntzeko joera edukitzea.
• Gure haurra besteekin ongi moldatzen dela egiaztatu behar dugu, eta hori lagungarria zaiola integratzeko eta bere gizarte-dohainak garatzeko.
• Segurtatu behar dugu kideek ez dutela baztertzen eta diskriminatzen, eta entrenatzaileak ere ez.
• Ziurtatu behar dugu haurrik uzkurrenek benetan gustura parte hartzen dutela taldean, eta gozatu egiten dutela; izan ere, gerta daiteke deseroso sentitzea, baina ezertxo ere ez adieraztea.
• Haurrak nahi ez badu, ez aldatu talde batetik bestera.
• Oso lotsati diren haurrak errazago moldatzen dira talde berri batera, baldin eta kideren bat lehendik ezagutzen badute.
Banakako kirolen helburua ez da izaten elkarlana lantzea, baina badituzte zenbait abantaila, eta horiek ere hartu behar dira aintzat:
• Pertsonarik lotsatienak erosoago egon ohi dira jende asko-askok parte hartzen ez duen kirol jardueretan.
• Haur eta nerabe askok emaitza hobeak ematen dituzte besteen menpe ez daudenean.
• Banakako kirolek aukera gehiago ematen dute autonomia eta sormena sustatzeko, eta horrek konfiantza gehiago ematen dio norberari.
• Gazterik oldarkorrenei eta arauei buru egiten dietenei, alegia, talde baten testuinguruan baztertuta geratuko liratekeen horiei, mesede egiten die soilik euren buruen menpe egoteak, nahiz eta entrenatzailea gain-gainean eduki.
• Haurrak banakako kirol bat aukeratzen badu, garrantzitsua da zati bat, behintzat, taldean egin ahal izatea; taldeko jolasen bidez, zertxobait sozializatzeko aukera izango du.
• Kirola banaka egiten denean, hutsegiteak eta porrotak onartzen ikasteko, gurasoen laguntza behar izaten du haurrak; taldearen babesik ez du edukiko egoera horiei aurre egiteko, eta zama astuna izan liteke harentzat.
• Haurrik kanporakoienei ez zaie komeni banakako kirolak egitea, aspertu egin bailitezke oso erraz, eta kirola egiteari utzi.
No hay comentarios:
Publicar un comentario